2012-11-22

Iruñean goraka doan errepresioak ez du aldaketa geldituko

Iruñeko Ezker Abertzaleak azken asteetan hiriburuan errepresioak izandako gorakada salatu nahi du. Jazarpen honen aurpegi ezberdinak ezagutu ditugu azkenaldian: batetik, hainbat militante independentistak jarraipenak pairatzen ari dituzte; bestetik, polizia nazionala Txantrea eta Arrotxapea auzoetako hainbat tabernatan sartu da mehatxuka eta bertan zeuden hiritarrak identifikatu ditu; eta azkenik, Guardia Zibila, Foruzaingoaren, polizia nazionalaren eta Udaltzaingoaren kontrolak izugarri areagotu dira, bai auzoetan bai eta hirira iristeko errepideetan ere.


Iruñeko Ezker Abertzaleak honako oldarraldi iraunkorra salatu nahi du. Euskal Herrian irekitako fase politiko berri honetan eskubide zibil eta politiko guztien aitortza premiazkoa baita, eta pertsona ororen aurkako mehatxu, presio eta jazarpenak bertan behera geratzea ere bai. Hala adierazten du GernikakoAkordioak, eta lehenengo urtemuga bete duen Aieteko Adierazpena norabide berean doa ere.

Ezker Abertzaleak argi du, errepresioak ez du aldaketa politiko eta soziala geldituko. Azken urteetan Prozesu Demokratikoak aurrerapauso nabarmenak eman ditu eta horrek, dirudienez oso egoera deserosoan utzi ditu UPN eta Espainiako Gobernua. Hori dela eta Ezker Abertzalearen zein herri mugimenduaren aurka errepresioa darabilte, etenik gabe. Fase politiko berri honetan iraganeko errezetak erabiltzen jarraitzen dute, baina jai dute, aldaketa politiko eta soziala geldiezina bihurtuko baita. Iruñeko zein Euskal Herri osoko herritarrak aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko eta erdiesteko prest daude eta errepresio mota guztiak soberan egotetik harago, ezingo dute aldaketa gelditu.

2012-11-22

No hay comentarios:

Publicar un comentario