2012-12-18

Iruñeko Ezker Abertzaleak auzo gune askeen beharrarekin bat egiten du

Larunbatean gazte talde batek Gaztelu Plazan eraikin bat okupatu zuten erresistentzia gune gisa eta herri mugimenduaren mesedetan erabilia izateko asmoz. Maya alkateak zuzendutako Udal gris honek, ordea, herri ekimenak zapaltzeko ohiko estiloarekin erantzun eta ordu gutxitan eraikina desalojatu zuten, oraingoan inor atxilotu gabe.

Krisi ekonomiko, sozial eta politikoa bizi dugun garaiotan inoiz baino beharrezkoagoak dira Herri Mugimenduak kudeatuko dituen espazioak, herritarren kontraboterea gorpuzteko eta indartzeko premiazko lanabesak. Hori dela eta Gazte Mugimendua txalotu nahi dugu, egoerari intsumisioaz eta alternatibak eraikiz erantzun diolako.

Gazteen ekimenak agerian utzi du, beste behin ere, orokorrean jendarte osoan, eta bereziki hiri honetan bizi dugun etxebizitza politika ankerra. Gazteek oso aukera mugatuak dituzte etxebizitza eskubidea asetzeko, eta gainera, geroz eta ugariagoak dira banketxe eta kutxek bultzatutako etxegabetzeak. Eta bitartean Iruñeko Udalak ehunetik gora etxebizitza publiko hutsik mantentzen ditu eta Iruñean milaka etxe huts pribatu daude ere.

Zein da Maya alkateak egoera honi emango dion erantzuna? Noiz arte emango die bizkarra hiritarrei eta beraien beharrei? Noiz arte jarraituko du banka eta espekulatzaileen interesak lehenesten? Iruindarrak beraien buruaz beste egiten hasi arte itxoingo du egoeraz jabetzeko? Hiritarrak nazkatuta daude UPNren eta Mayaren inkonpetentziarekin!

Iruñeak norabide aldaketa nabarmena behar du, iruindarron beharrak aseko dituena. Eta horretarako herritarren aktibazioan eta eraldaketa sozialean sakondu beharra dago, Auzo Gune Askea bezalako proiektu eraldatzaile berriak eraikiz eta Iruñea berri bat marraztuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario